“Mundua transformatzeko, beharrezkoa da ekonomia transformatzen hastea”. Esaldi honekin hasi zen Pedro Baños koronela bere diskurtsoa “El Principio del Fin del Dólar” bideoan, urriaren 20an argitaratutakoa. “Hori bera egin zuten Amerikako Estatu Batuek 1944ko Breton Woods-eko biltzarrean”. Baina, zer dute eskuartean BRICS+eko bazkideek ekonomiari dagokionez? Bañosek, alegia, G7ren alternatiba gisa jaiotako aliantzari buruzko zalantzak argitu ditu.
Reuters albiste-agentziaren arabera, Errusiak Mugaz Gaindiko Ordainketen ekimen bat mahai gainean jarriko du Kazango BRICS+en biltzarrean. Putin presidente duen herrialdeak mezularitza-sistema berriaz eta BRICSen banku zentralen bidez elkarrekin konektatutako merkataritza-banku nazionalen sareaz mintzatu da, blockchain tekonologiaz baliatuko dena, nazioarteko presio ekonomikoen aurkako inmunitatea lortzeko. Honen helburua, hain zuzen ere, BRICS+en parte diren herrialdeen arteko fluxu komertzialak babestea da, kide bati edo gehiagori nazioarteko finantza-sisteman sartzea ukatzen bazaie ere.
“Sistema paralelo bat sortuko dute orain arte Estatu Batuek kontrolatutako nazioarteko finantza-sistematik at egoteko. Hau da, AEBen influentziari aurre egiteko”, azaldu du geopolitikan adituak. “Latza da Estatu Batuentzako”. Honez gain, “BRICS+ argia” deituriko nazioarteko likidazio eta gordailu azpiegitura propioa eta BRICS berraseguruak abian jartzeko proposamena zabaldu du Errusiak, baita Nazioarteko Diru Funtsaren analogoa izango litzatekeen finantza-mekanismoa.
Egun, zerealak eta bestelako lehen-mailako produktuen nazioarteko prezioak mendebaldeko poltsetan finkatzen dira; ostera, Errusiaren neurri-paketeak produktu hauen merkataritza-plataforma baten sorrera jasotzen du, merkatu-analisien bitartez prezioei buruzko datuak emango lituzkeena. Azkenik, herrialdeen arteko kreditu-kalifikazioko agentzien arteko komunikazioa suspertu eta hobetzea nahi du Kremlinak, adimen artifiziala erabiliko duten software berrien bitartez.
“Aldaketa sakona gertatzen ari da”, adierazi du Pedro Bañosek. “Errusiak bazuen bere txartel propioa Ukraniako interbentzioa hasterakoan. Estatu Batuek kreditu-txartelak ematen dituzten korporazio handiei Errusian lan egiteari uzteko eskatu zioten, halere, herrialde eurasiatikoarentzat ez zen inolako kolpea izan MIR deituriko txartel propioa bazeukalako. Bere garaian txartel txikia zen arren, Union Pay kreditu-txartel txinatarrarekin batu zen berebiziko garrantzia lortuz”. Nicaraguan, esaterako, MIR txartelentzako kutxazainak instalatzen hasi dira Cuba eta Venezuelaren pausuak jarraituz, Estatu Batuetako ekonomia-zigorrak ekiditzeko.
“Nahiz eta dolarrak dibisen erreserban nagusitzen den oraindik nazioartean, herrialde askok dolarra alde batera utzi dute erreserba-moneta gisa”, aditzera eman du koronel espainiarrak. “Estatu Batuek ezin dute BRICS+ek abian jarritako finantza-sistema multipolarra onartu”. Desdolarizazioa errealitate bat da eta, honen eragin gisa, munduko banku zentralen herenak haien urre-erreserbak handituko dituzte urte amaierarako.
BRICS+eko herrialdeek gero eta parte-hartze handiagoa dute mundu mailako Barne Produktu Gordinean eta dolarraren nagusitasunaren aurkako oposizio irmo gisa agertzen dira. “Estatu Batuetan pobrezia igo da azkenaldian eta zor publikoak gora egin du historiako marka altuenak egunero areagotuz. Datu hauek erokeria bat dira”, azpimarratu du Bañosek. “Nazioarteko inflazioarekin jolastu dute AEBek guztiok dolarrarekiko menpekotasuna geneukalako, ostera, (egoera) hau amaitu daiteke BRICS+en biltzar honen eraginez”.
Edukiaren iturria:
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina